27/11/2006
Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak antolatuta larunbatean, azaroaren 19an, gazteriaren bigarren biltzarra egin zen Andoainen.
Biltzar horretan antolatzaileek Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak hastapenetik emandako urratsen berri eman ostean, ekintza planaren kokapen orokorra egin zuten.
Ondoren, bertaratutako gazteek gazteriaren ikuspegitik hainbat alor jorratu zituzten: etxebizitza, gazte espazioak, laborantza, euskara, drogak, migrazioak…
Azkenik, gazteek zenbait egitasmo aurkeztu zituzten: gazteriaren datu basea eta gazte eragileen gida sortzeko egitasmoa, erakundeekin sinatu beharreko hitzarmenen egitasmoa, nazioartean garatu beharreko ekimenak…
Tarte horretan Trebiñuko gazteriak lekua izan zuen Trebiñuko egoeraren berri emateko eta bertaratutakoei trebiñuarren erabakia behingoz errespetatua izan dadin konpromisoa eskatzeko.
Horra hor Trebiñu Batu taldeak Biltzarrean egindako ekarpena.
“TREBIÑUKO ENKLABEA ETA GAZTEDIA
1.-SARRERA
Trebiñu Batu elkarteak Trebiñuko enklabea Araban ofizialki integratzea du helburu.
Trebiñu izenarekin ezaguna den enklabea kokatze aldera esan behar dugu Araba erdialdean kokatuta dagoen lurralde-zatia dela. Lurralde zati horrek 221,6 km2 ditu eta bi udalerriz osatuta dago: Argantzon eta Trebiñuko Konderria. Azken horren barruan 47 herri daude, eta horietariko batek Trebiñu izena du.
Trebiñu eta Argantzon herriak Gasteizetik 15 eta 18 kilometrora daude, hurrenez hurren, eta, Burgosetik, berriz, ehun bat kilometrora.
Erroldako datuen arabera, oro har, enklabean 1.840 lagun bizi gara.
Jakin dakizuenez, Trebiñukook behin eta berriz aldarrikatu dugu Araban integratzeko nahia. Alabaina, gure borondate horri muzin egin diote agintariek. Ukapen horrek Trebiñun bizi garenongan ondorio zuzenak ditu, eta gazteok ez gara ondorio horietatik at geratzen.
Ondoren ikusiko dugunez, ukapen horrek gazteon bizimodua baldintzatzen du, asko baldintzatu ere, honako arlo hauetan:
a) hizkuntza, kultura eta hezkuntzan,
b) etxebizitzan,
c) lan-harremanetan,
d) osasunean,
f) giza harremanetan, talde-antolakuntzan eta aisialdian.
2.-HISTORIA
Gazteok Trebiñun bizi dugun egoeran eta aipatutako ukapenaren ondorioetan erreparatu aurretik, ekin diezaiogun historiari. Jarraian gainetik azalduko ditudan egitate historikoek gaur egungo egoera hobeto ulertzen lagunduko digute-eta.
Jakin dakigunez, X. mendeaz geroztik Araba –Trebiñuko enklabea barne– Iruñako Erresumaren zati zen.
XII. mendean, Iruñako Erresumak Nafarroako Erresuma izena jaso zuen eta mende horretan Antso IV. Jakintsua errege nafarrak Argantzongo eta Trebiñuko hiribilduak sortu zituen.
1200 urtean, Gaztelako armadak Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea konkistatu zituen, eta Nafarroako Erresumak behin eta berriz eskatu zuen Trebiñu ez ezik galdutako gainerako lurraldeak ere itzultzea, beti arrakastarik gabe.
1368an, Karlos II.a nafar erregeak Gasteiz hiria berreskuratu zuen, baita Arabako beste zenbait hiri ere. Testuinguru horretan, 1366an, Gaztelako Enrique II. erregeak Trebiñu eta bere herriak eman zizkion Gaztelako Pedro Manrique Jaunari. Trebiñu Nafarroako Erreinuarekin mugakide izanik, dohaintza horren bitartez Gaztelako erregeak Nafarroako Erreinuaren aurka egitea zuen helburu. Horrela, Manrique jaunak bere zeregin belikoa bete zuen. Horregatik, Gaztelako Enrique IV. erregeak Pedro Manriqueri Trebiñuko konde-titulua eman zion.
Argantzon hiria, berriz, Velaskotarren leinuaren menpe erori zen.
Harrez geroztik, maiz saiatu da Araban integratzea, alegia:
1646an, Trebiñuko Konderriko bizilagunek Arabako probintzian sartzea eskatu zuten. Arabako Batzar Nagusiek aldeko iritzia eman zuten, eta Trebiñukoek zenbait ordezkari bidali zituzten Madrilera. Hala ere, ekimen horrek ez zuen arrakastarik izan.
1710ean, Pedruzo herriko elizaren aurrean konderriko herri guztietatik etorritako erregidoreak (kontzejuak bildu eta haien onespena jaso ostean) eta Trebiñuko hiribilduaren diputatua batzartu ziren, Trebiñuko Konderria Arabarekin bat egiteko eskaria eginez.
1880an, foruak indargabetu ostean, Arabako Diputazioak mozio bat onartu zuen Trebiñu Araban sartzea eskatzeko. Ekimenak ez zuen, azkenean, aurrera egin.
1920an, Euskal Herriko Autonomia Estatuturako Lehenbiziko proiektua ezbaian zegoela, Gasteizko Industria eta Merkataritza-Ganberak enklabea bertan sartzea eskatu zuen. Ondoren, Arabako Diputazioak babestu zuen eskaera. Azkenean, autonomia-proiektuak porrot egin zuen eta Primo de Rivera Jeneralaren diktadura etorri zen.
1940an, enklabeko bi udalek Gobernazioaren ministerioari Arabako probintzian sartzea eskatu zioten. Gobernuak entzungor egin zuen.
1958an, bi udalek berriro eskatu zuten Araban sartzea, baina bertan behera geratu zen egitasmoa.
1978an, Franco hil eta gero, Trebiñuko ehun lagunek erreferenduma egin zedin eskatu zioten udalari. Eskaria Barne Ministerioari helarazi zuen udalak, eta han isilarazi zuten.
1980an, Trebiñuko Udalak aho batez eskatu zuen Araban sartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak xedatzen zuen bideari jarraituz. Horren ondoren, Argantzongo Udalak ere gauza berra eskatu zuen. Hala, 1981ean, bi espedienteak batu eta Gobernu zentralera bidali zuten. Gobernu zentralak ez zuen erantzun.
1983an, Gaztela Leongo Estatutua onetsi zen, eta, horren ondorioz, Trebiñuko enklabea bereizteko prozedura blindatuta geratu zen. Izan ere, prozedurak aurrera jarraitzeko nahitaezkotzat jotzen du Gaztela Leongo Juntaren aldeko txostena.
1995ean, Argantzongo Udalak konderria Araban sartzeko mozio bat onartu zuen.
1998an, Trebiñuko Konderriko Udalean ordezkatutako talde politikoek –PP eta Independenteak– herri kontsulta antolatzea erabaki zuten. Galdera honako hau zen: Trebiñukoek nahi al zuten Gaztela Leongo Estatutuak xedatzen duen prozedura hastea, enklabea Araban sartze aldera? Galdera horri %68k baiezkoa eman zion.
Ondoren enklabeko bi udalek batera eskatu zuten prozedura abian jartzea. Azkenean, Gaztela Leongo Juntak prozedura geldiarazi zuen bereiztearen kontrako txostena emanik. Txosten horretan enklabeak arlo sozial, ekonomiko, kultural eta historikoan Burgosekin harreman sendoak dauzkala baieztatu zuen Juntak eta Arabarekin dituen begien bistako lokarriak ukatu zituen. Horrela, Gaztela Leonetik bereizteko prozedura etenda geratu zen.
3.-TREBIÑUN BIZITZEAK DAKARTZAN ERAGOZPENAK GAZTEON IKUSPEGITIK.
Laburbilduta azaldu ditugun gertaera historiko horiek lagungarriak dira gaur egun Trebiñukook pairatu behar ditugun eragozpenak hobeto ulertzeko.
Dena den, ez dut Trebiñun bizitzeari buruzko ikuspegi negatiboa transmititu nahi, ez baita nik dudan ikuspegia. Trebiñun bizitzeari buruzko balantzea egin beharko banu, zalantzarik gabe, balantze oso positiboa egingo nuke. Ildo horretatik, eragozpen guztien gainetik, herri-giroa, jendearen hurbiltasuna, naturarekiko harreman zuzena, mendi ederrak, lasaitasuna, Gasteizekiko gertutasuna, kultura-ondarea... nabarmenduko nituzke.
Nolanahi ere, ekarpen xume honek, alde positiboak ahaztu barik, gabeziak, eragozpenak, kezkak... azaleratzea du helburu, betiere soluziobideak aurkitze aldera.
Kexa horiek, batik bat, erakundeak eta erakunde horiek ematen dizkiguten zerbitzuak dute jomuga. Izan ere, Trebiñukook jasotzen ditugun prestazioak oso eskasak dira.
Horregatik, ondorio horiek ahal diren neurrian saihesteko asmoz, Trebiñun bizi den jende askok erabaki du Gasteizen erroldatzea senitarteko edo lagunen etxeetan. Hori bereziki nabarmena da umeen eta nerabeen kasuan. Umeei dagokienez, oso ohikoa da gurasoak Trebiñun eta seme-alabak Gasteizen erroldatzea. Datu horiek ikusita, errealitatea ezagutuko ez bagenu, gurasorik kaskarrenak Trebiñun bizi direla pentsatuko genuke, seme-alabak Gasteizen abandonatzen dituzte eta.
Gauzak horrela, alde batetik, ez dago zehatz-mehatz jakiterik zenbat gazte bizi den enklabean.
2003ko inkesta baten arabera, heren bat enklabean bizi arren kanpoan dago erroldatuta. Askotan arrazoi fiskalak direla bide, bikotekide bat Trebiñun erroldatzen da eta bestea eta seme-alabak Gasteizen. Badaude ere erroldan behin eta berriz aldatzen direnak, Gasteizetik Trebiñura eta Trebiñutik Gasteizera.
Bestetik, Trebiñun jasotzen ditugun zerbitzuak are eskasagoak dira erroldatuta gaudenontzat baino ez baitira aurreikusten. Esate baterako, ni bizi naizen herrian, Burgetan, ehun bat lagun bizi bagara ere, 50 inguru baino ez gaude erroldatuta. Horrela, adibide bat jartzearren, zabor-ontziak berehala betetzen dira, 50 pertsonentzako baino ez daudelako prestatuta. Era berean, Burgetan 10 ume baino gehiago bizi badira ere, bat baino ez omen dago erroldatuta, eta, hori dela eta, umeentzako gastu publikorik ez dago. Gainontzeko zerbitzuak ere, hamaika gabeziekin ere, erroldatuta gaudenontzat baino ez daude aurreikusita.
3.A) HIZKUNTZA, KULTURA ETA HEZKUNTZA
Nolanahi ere, erakundeek ez dituzte asetzen erroldatuta gauden gazteon hizkuntza, kultura eta hezkuntzarekin lotutako beharrak.
Historialariek aho batez adierazi dute Trebiñuko lurraldeko biztanleen hizkuntza naturala euskara izan dela. Horren isla, besteak beste, Trebiñuko enklabeko toponimia dugu. Historialarien esanetan, gaztelaniaren zabalkundea, elebitasuna eta euskararen desagerpena ez zen bat-batekoa izan eta ez zen uniformeki gauzatu enklabean. Hala ere, badakigu, agiri bidez egiaztatuta dagoelako, XVIII. mendearen amaieran oraindik Trebiñun euskaldunak bazeudela.
Historialariek aho batez Trebiñuko lurraldeko biztanleen hizkuntza naturala euskara izan dela adierazi badute ere, Gaztela Leongo Junta Trebiñuko hizkuntza natural bakarra gaztelania delakoan dago. Horrela adierazi zuen 1998an Trebiñuko enklabeko bereizketa saihesteko egin zuen txostenean, eta uste horren arabera jokatu du, alegia, Trebiñuko jendearen hizkuntza eskubideak urratuz.
Horrela, Trebiñuko Eskola Publikoa elebiduna da, baina elebiduna gaztelaniaz eta ingelesez irakasten delako. Euskara hutsean, ordea, irakasgai bakarra dago, euskara irakasgaia bera. Gurasoek behin eta berriz aldarrikatu dute seme-alabek euskaraz ikasteko duten eskubidea, baina Gaztela Leonek muzin egin die. Alde horretatik, euskal kulturak eta historiak ez du lekurik ikasketa planetan. Eta, baldintza horiek ikusita, 2006-2007 ikasturtean 45 ikasle baino ez dago matrikulatuta.
Bestalde, Trebiñuko konderriko Franko herrian umeentzako eskola publikoan euskaraz ematen dira klase batzuk gurasoen eskariak kontuan hartuz. Han 18 ume daude matrikulatuta.
Horrela, arlo publikoak bermatzen ez duena lortzeko Argantzonen 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako ikastola bat egin da. Egitasmo horrek izaera pribatua du, eta Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dute. Han 38 ume daude matrikulatuta. Hiru urtetik gorako umeak Langraiz Okako eta Gasteizko Adurtza auzoko ikastoletara joaten dira.
Egoera tamalgarria izanik, Gaztela Leongo Juntak egoera gehiago okertu nahian edo, eta hezkuntza-arloan enklabeko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako hitzarmenak errekurritu ditu. Errekurtso horiek Trebiñuko enklabean euskaraz irakastea galaraztea dute helburu. Gaztela Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak deusezak aitortu ditu hitzarmen horiek, eta orain auzia Auzitegi Gorenean dago.
Gazteok aurreko urteotan euskaraz ikasteko izan ditugun zailtasunak kontuan hartuz nabaria da Trebiñutik kanpo bilatu behar izan dugula euskarazko heziketa. Trebiñun geratu behar izan direnek, berriz, ez dute benetako euskarazko heziketa edo heziketa elebiduna jasotzeko aukerarik izan.
Nolanahi ere, gazte horiek Trebiñuko euskaltegian euskalduntzeko aukera dute: gaur egun, 10 bat lagun dabil euskara ikasten buru-belarri. Beste asko Gasteizko euskaltegietan ari dira.
Gauzak horrela, 2002ko inkesta baten arabera, enklabeko biztanleen %10 erabat elebidunak gara.
Euskaldunon kopurua etengabe handitzen ari bada ere, euskaldunon hizkuntza-eskubideak administrazioaren aurrean ez daude aintzat hartuta. Esate baterako, Gaztela Leonen errenta-aitorpena egin behar dugunean, ez dugu ezta pentsatu ere egiten Administrazio arrotz horrek euskaraz egiterik onartuko digunik.
3.B) ETXEBIZITZA
Etxebizitzaren arloan, Trebiñuko enklabea ez da espekulaziotik kanpo geratu.
Laurogeita hamarreko hamarkadan Trebiñun hamaika etxebizitza eraiki ziren, eta Gasteizeko bizilagun askok enklabean erosi zuten etxea, bigarren etxebizitzatzat hartuta.
Gasteizen eta Gasteiz inguruan etxebizitzaren prezioa igo zen heinean, gazte askok Trebiñura bizitzera joatea erabaki zuen.
Dena den, azken urteotan etxebizitzen salneurriek gora egin dute Gasteiz inguruko etxeen prezioetara hurbilduz.
Gauzak horrela, gazteon aldeko etxebizitza politikarik ez dagoenez, gazte batzuek Gasteizen erroldatzea erabaki dute, babes ofizialeko etxebizitza lortzeko itxaropenaz.
Egia da gaur egun Trebiñun etxebizitzarik ez duen gazteen portzentaia txikia dela. Alabaina, laurogeita hamarreko hamarkadan Trebiñura etorritako gurasoen seme-alabak, gaur egun nerabeak direnak, espekulazio horren biktima izango dira, eta ez dirudi, inola ere, Gaztela Leongo Junta horien aldeko etxebizitza politika egiteko prest dagoenik.
3.C) LAN-HARREMANAK
Gazte horiek enklabean etxebizitza lortzea zaila izango badute, bizibidea aurkitzea ez dute errazago izango.
Gaur egun gazte gehienok Gasteizen lan egiten dugu, eta ez dirudi arlo horretan aldaketarik egongo denik.
Enklabeko jarduera ekonomiko indartsuena eta ia bakarra nekazaritza da. Lurrak gero eta kontzentratuago daude, gutxi batzuen esku.
Eraikuntza-enpresa gutxi batzuk bete-betean daude murgilduta aipatutako espekulazioan, eta zerbitzu-sektoreko jarduera ia marjinala da.
Azken sektore horretan, bereziki, enklabeak eskaintzen dituen aukerak, berriz, handiak dira. Trebiñuk duen kultura-ondarea, basoak, herriak, errekak, edertasuna... hori guztia lanpostuak sortzeko bidean ustiatu barik dago, baina horretarako inbertsioetarako pizgarri egokiak ematea beharrezkoa da, eta Gaztela Leongo Junta ez dago horretarako prest.
3.D) OSASUNA
Osasun-arloari dagokionez, Trebiñuko lagunok bizi dugun egoera ez da hobea. Arlo horretan Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuen enklabeko bi udalekin. Hitzarmen horri esker, lehen mailako atentzioa enklabeko zentroek (Trebiñu, Argantzon eta Albainako zentroek) eskaintzen dute. Medikuntza espezializatua, berriz, Mirandako Ospitaleak ez ezik, Gasteizko Txagorritxu eta Santiagoko ospitaleek ere eskaintzen dute. Horrela, Trebiñuko biztanle gehienek azken horiek aukeratzen dituzte, bai atentzio espezializatua jasotzeko, bai larrialdietarako ere.
Hitzarmen hori, ordea, kolokan dago; eta, horrenbestez, Trebiñukoen osasun zerbitzuak ere bai. Izan ere, Estatuak hitzarmen hori errekurritu du, eta Gaztela Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu. Orain auzia Auzitegi Gorenaren esku dago.
3.E) GIZA HARREMANAK, TALDE-ANTOLAKUNTZA ETA AISIALDIA
Bestalde, Trebiñuko enklabean ematen diren baldintzek ez dute gazteen arteko harremanak laguntzen.
Alde batetik, landatar zonaldetan eman ohi den herrien dispertsioak oztopatu egiten du bizilagunen arteko harremana. Kontuan hartu Trebiñuko enklabean –esan bezala– erroldatutakoen datuen arabera, 2.000 pertsona baino gutxiago bizi garela, 48 herrietan sakabanatuta, eta 221km2tan.
Dispertsio horren ondorioei aurre egiteko ez dago garraio-sare publikorik.
Horretaz gain, arestian azaldutako hezkuntza-sistemak erabat baldintzatzen ditu gazteen arteko harremanak. Esan bezala, oso gazte gutxik ikasi du Trebiñun. Era berean, gehienok Gasteizen ditugu lan-harremanak. Horren guztiaren ondorioz, Trebiñuko gazteak Gasteizko gazteekin elkartzen dira, eta Trebiñuko gazteen arteko harremanak ez dira sustatzen.
Bestalde, aisialdirekin lotutako instalazioak eskasak dira (kirol instalazioak, gazteentzako lokalak...), eta erakunde publiko zein pribatuetatik sustatutako aisialdiarekin lotutako ekimenak oso gutxi dira.
Alabaina, kulturak eta, bereziki, euskarak, Trebiñukook elkartu izan gaitu, hala Trebiñuko euskaltegian, nola euskararen aldeko jaietan. Era berean, Trebiñukoon erabakia behingoz errespetatua izan dadin, hortxe dihardugu lanean zenbait gaztek, eta, zalantzarik gabe, era horretako ekimen zilegiak bitartekorik onenak bilakatzen dira gazteak batzeko.
Jakina, Trebiñuko jendearen arteko harremana sustatzearen aldekoak bagara ere, horrek ez du esan nahi inola ere ez Arabako eta Euskal Herriko gainontzeko gazteokin harremana bultzatu nahi ez dugunik.
Izan ere, Gaztela Leongo Juntak kontrakoa uste badu ere, Trebiñukook, eta gazteok bereziki, Araban eta Euskal Herrian oso integratuta sentitzen gara, betidanik, gainera.
Horregatik, Trebiñutik Euskal Herriko gazteon arazo komunei aurre egiteko gure ekarpena egiteko prest gaude, eta era honetako ekimenetan gustura parte hartzen jarraituko dugu.
Era berean, Trebiñutik kanpoko gazteoi dei egiten diegu Trebiñukook pairatzen dugun gatazka anakroniko honen konponbidean haiek ere konpromisoa har dezaten.
Eskerrik asko!”

Licencia:CC Reconocimiento NoComercial SinObraDerivada
Nacionalismo Vasco virtual, PRO de la normalización administrativa de "La Octava Cuadrilla-ZORTZIGARRENA" al Territorio Histórico de ARABA y a la Comunidad Autónoma Vasca de EUSKADI en el País Vasco.
Visitas:
De burgos EN CONTRA de la voluntad de los Treviñeses

Manga ancha para nadie, Banda ancha para tod@s
Anacronismo del contencioso
Añadir Feed a:
Contactar con el autor |
Archivo
| Quieres crear un Blog aquí
Sitio desarrollado, diseñado y gestionado 100% con Software libre: GNU/linux, GIMP, PHP, MYSQL, APACHE, ...